Affichage des articles dont le libellé est 6.Antzinako Erregimenaren krisialdia (1788-1833). Afficher tous les articles
Affichage des articles dont le libellé est 6.Antzinako Erregimenaren krisialdia (1788-1833). Afficher tous les articles

2009/04/23

"Bayoneta, Napoleonen aurcaco Tolosaco aldizcaria"

2008ko abenduan, Tolosako Udalak, Eusko Ikaskuntzarekin egindako hitzarmenari esker, "Bayoneta, Napoleonen aurcaco Tolosako aldizcaria" proiektua aurkeztu zuen. Tolosako udal agiritegian 1808tik 1813ra arte iraun zuen gerrari buruz dagoen ondare dokumental aberatsa jendartera zabaltzea du helburu. Horretarako, garai hartan frantses inbasioaren aurka propaganda egiteko erabilitako orrien antzerako formatua erabili da.

Testuak benetako gertakariak jasotzen ditu, dokumentazioan jasota daudenak, baina fikziozko pertsona batek kontatuta, "Bayoneta" kazetaren jabea, alegia. Pertsonaia literario horrek "Bayoneta"ren edukiari forma emateko erabili duen diskurtsoaren tonua errealitatetik hartua dago. Hain zuzen ere, Cadizeko Gorteetan 1812an antolatu ziren iraultzaile liberalen ideologia dago atzean, 1789ko iraultzaren printzipioak aplikatu nahi zituztenena eta, arrazoi berberagatik, Napoleonen armadari aurre egitea erabaki zutenena, irizten ziotelako enperadoreak traizio egin ziela helburu iraultzaile haiei eta estalki gisa erabili zituela Europa osoan diktadura militar bat inposatzeko, Napoleonen, haren hurbileko zirkulu pertsonalaren eta 1814ra arte agintean eutsi zion frantses burgesiaren mesedetan.

Gauza bera gertatzen da kazetaren goibururako eta testua ilustratzeko sortu diren irudiekin. Horietan ere, 1808-1813ko errealitatean oinarritutako fikzioaren bitartez, garai hartako espiritua islatu nahi izan da arropa, jarrera, tresna eta gainerakoekin, baina, batez ere, eman zaien satira politiko tonuaren bidez. Tonu hori oso ohikoa zen garaiko kazeta eta panfletoetan. Ez ziren alferrik gerrarako beste arma bat gehiago.

Euskarazko zutabeak ere gainerako testuaren printzipioak errespetatzen ditu; hau da, agiritegiko dokumentazioan jasota dauden gertakariak islatzen ditu, 1808ko moldea imitatuz. Gaztelaniaz idatzitako testua data haietan Tolosan hitz egiten zen euskararen ahalik eta hurbilenekora itzuli da; hau da, orduko gipuzkerara.

2009/02/22

Espainiaren menpeko Amerikaren emantzipazioa

Independentzia-prozesu horrek XVIII. mende bukaeran egin zituen lehenengo urratsak. 1808. urtetik aurrera, Espainiako metropoliko botere guztiak legitimitate-krisi sakonean sartu ziren garaian, Amerikako lurraldeetako handiki kreolak, hau da, Amerikan jaiotako zuriak, Ipar Amerikako kolonia britainiarren independentziaren ereduari jarraitzen hasi zitzaizkion, eta subiranotasunaren aldeko neurriak hasi ziren bideratzen.

1808. urtean Independentziaren aldeko prozesua bizkortu egin zen. 1816an, Río de la Plata, San Martin Askatzaileak [hemen klikatu gehiago jakiteko] espainiarren aurkako gerra hasi zuen, eta iparraldean Simon Bolivarrek [hemen klikatu gehiago jakiteko] lortu zuen bere Kolonbia Handirako proiektua aurrera eramatea. 1822an, Guayaquilgo Konferentzian zehaztu ziren San Martínen eta Bolivarren eraginpeko aldeak. Peru besterik ez zen espainiarren esku geratzen; baina 1824an, Ayacuchoko gudan Bolivarren adiskide Sucre jeneralak oste espainiarrak azpiratu eta Perutik ere alde egin behar izan zuten tropek.

Hemen duzue gertaera horiek biltzen dituen bideo bat (02,46 minutuko iraupena)i:




Iturria: http://www.artehistoria.com/histesp/videos/130.htm

Komikia: "Bandolero", Carlos Gimenez.

Komikiak ere tresna ezin hobeak dira gertaera historikoetara hurbil gaitezen. Komikigileen artean Carlos Giménez espainola azpimarratu beharra dago. Frankoren diktadura eta Trantsizio politikoa aztertu nahi izanez gero, madrildarraren Paracuellos, Barrio, Rambla arriba, Rambla abajo, España Una, Grande y Libre edo Profesionalak irakurri behar dira nahitanahiez.

"Bandolero" lanean, Carlos Gimenezek Juan Caballero XIX. mendeko bidelapur ospetsuaren autobiografia egokitu du. Javier Comasek hitzaurrean dioen bezala, "Hombres a caballo, cortijos, inserción de la figura en el paisaje, existencia solitaria en la naturaleza, acciones de bandidaje, persecución por las fuerzas de la ley, y, en definitiva, numerosos factores de época que equiparaban la Andalucía del siglo XIX y el antiguo Oeste americano. La visualización requerida por el escenario y peripecias ha permitido a Carlos Giménez extremar el sentido del espectáculo en la puesta en escena". Hona hemen "Bandolero"ren lehenengo orria:

Andaluziako bandolero erromantikoaren irudia XIX. mendeko lehenengo hamarkadetan sortu zen, zehazki Independentzia Gerraren ondoren. Klase ertainik ez duen eta Latifundisten menpe dagoen jendarte batean sortu zen, non jopuek, morroiek eta mirabeek, eskubide sozialik gabekoek, erabateko pobrezia eta injustizia pairatu behar izaten dituzte.

Hala ere, urka, migueleteak eta Armada ez dira nahikoak bidelapurreriaren amaiera azaltzeko. Carlos Giménezek dioen bezala, "... a aquél lo mataron tres inventos que, a mediados del siglo XIX, hicieron su aparición en Andalucía: el ferrocarril, el telégrafo y la benemérita Guardi Civil aplicando sistemáticamente la ley de fugas, con la que multitud de presos y sospechosos de bandolerismo, al ser conducidos de una a otra cárcel, eran muertos al intentar huir".

Badakizue, norbait irakurtzera animatuz gero, niri eskatu besterik ez duzue egin behar.

Zumalakarregi museoa: Lehen Karlistaldia

Honetan Zumalakarregi Museoko web orrialdea aurkeztuko dizuet.

Museoa, gaur, XIX. mendeko Euskal Herria ezagutu eta gozatzeko erreferentzia zentroa da. Museoak Migel Antonio eta Tomas Zumalakarregiren biografiak eta Lehen Karlistada azaltzen ditu, Antzinako Erregimenetik Liberalismorako pasabide bortitz eta korapilatsuaren testuinguruan, hain zuzen Frantziako Iraultzaren eta Bigarren Karlistadaren artean. Zumalakarregi Museoak Euskal Herriko XIX. mendea erakusten du. Iriarte Erdikoa izeneko XVIII. mendeko baserrian kokatua dago, hantxe bizi izan zen Zumalakarregi familia, hauen artean bereziki Tomas Zumalakarregi jeneral karlista eta Miguel Antonio Zumalakarregi politiko liberala.

Aipatu web orrialdeko Erakusketa iraunkorra atalean: "Bi mundu aurrez aurre" bideoaren zatiak ikusteko aukera izango duzue.

"XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian" baliabide didaktiko atalean Armada Sailak, Bataila eta Ekintzak, zein Biografiak azpiatalak ditu. Horietan guztietan Lehenengo Karlistadako gertaeretara, modu xume, bizi eta ikusgarrian, hurbiltzen gara.

ZM Birtuala atalean, bestetik, "XIX. mendeko albuma" dugu, Euskal Herriari buruzko 3.000 iruditik gora dituen kultur webgunea.

... eta askoz baliabide gehiago. Beraz, klik egin eta bidaiatu Karlistaldietara, ez zara damutuko!

Liburua: Zumalakarregi

Badakit, gaitegi luzeak eta ikasten gozatzeko aukera gutxi, ezta? Tira, bada, hala ere blogan utziko dizuet Zumalakarregi karlisten buruaren biografia honen erreferentzia. Badaezpada. Biografia erakargarri eta irakurterraza dugu hau, baina, aldi berean, zehatza bezain argia eta landua. Zinez, ez duzue ahalegin berezirik egin beharko. Animatu eta egiaztatuko duzue. Askoz jota bi ordu izango dira, ... eta euskaraz, jakina!

ALBERDI, Mikel, Zumalakarregi, Donostia: Elkarlanean, 1999.