Urtebete igaro da Sartagudan Memoriaren Parkea ireki zutenetik. Bertan 1936ko gerran hildako 3.240 nafarren izenak daude jasota. Atzo ekitaldia egin zuten urteurrena ospatzeko, eta beste 24 nafarren izenak gehitu dizkiote Memoriaren Hormari.
Sartagudan izan zen atzo Aurea Jaso, senarrarekin batera. 36ko gerra zer izan zen biek badakite. «Bizitza apurtu zidan ditxosozko gerra horrek», dio atsekabetuta. 1936an erail zuten Aurelio Jaso, Aurea Jasoren aita, gaur Madrilen Moncloa jauregia kokatuta dagoen leku horretan. Bi osaba ere erail zituzten, aitaren anaiak biak. Baten izena, Jose Jasorena, iaztik dago Memoriaren Parkeko horman, baina bestearena, Andresena, aitarenarekin batera jarri zuten atzoko ekitaldian.
Aurelio Jaso Melidakoa zen. Bardetik barrena joan zen gerrara, eta amonari zin egin zion: «48 ordu barru itzuliko naiz ama, zu lasai». Baina ez zen inoiz itzuli, alabak dioenez: «Nire eta nire neben bizia guztiz aldatu zen, apurtu egin zen». Aita Erorien Haranean lurperatuta dagoela uste du: «Jasangaitza egiten zait aita Francisco Franco eta Primo de Rivera lurperatuta dauden toki berean dagoela pentsatzea».
Osabetako bat, Andres Jaso, futbolaria zen. Oso gazte hasi zen Osasunan jokatzen. Ondoren, Valentziako futbol taldean (Herrialde Katalanak) aritu zen urte luzez. Gerra hasi baino lehen Sporting de Gijon futbol taldean aritzen zen. Behin gerra piztuta, jokalariak salbatzearren, kamioi batean sartu zituzten, eta, ihesean, Cangas de Onisen hil zituzten (Asturias, Espainia).
Aurea Jasori malkoak isurtzen zaizkio oraindik bere hiru senitartekoen historiak kontatzerakoan: «Ni beti izan naiz oso sentibera, eta bizi osoan nire barruan gorde ditudan sentimenduak dira». Hiru anai-arrebetan zaharrena da Aurea Jaso. Aita hil zutenean zortzi urte zituen, nebek berriz, zazpi eta hiru urte zituzten: «Gure familia suntsitu egin zen; nik aitaren aldeko aitona-amonekin joan behar izan nuen bizitzera, eta nire bi nebek, amarekin». Aurea Jasok beti jakin nahi izan du aitaren patua. «Aitari buruan tiro egin ziotenean, hiru lagunek jaso zuten; baina nazionalak zetozela ohartu zirenean, tapaki batean bilduta utzi behar izan zuten».
Gustura dago Aurea Jaso Sartagudako Memoriaren Parkean aitaren eta osabaren izenak jarri dituztelako: «Nik nire semeek eta nire bilobek erreferentzia bat izan zezaten nahi nuen». Arrazoi horregatik ez zuen hutsik egin atzo.
[Iturria: "Izena eta izana Sartagudan", Berria, 2009ko maiatzaren 10ean]
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire