2009/03/27

Ikasketak aukeratu beharra

Garai hauetan batxilergoko azken urteko ikasleak etorkizunean egingo dituzuen ikasketak hautatzen ari zarete. Zalantza ugari izaten dituzue eta zalantza horiek argitzen laguntzeko Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Unibertsitatea.net atariko Iparrorratza orientazio-zerbitzua sortu zuen iaz.

Zer da Iparrorratza orientazio-zerbitzua?

Iparrorratza Orientazio-zerbitzua euskarazko ikasketa-orientabiderako on line zerbitzua da, inpartziala, pertsonalizatua, doakoa eta bere alorrean bakarra. 2008ko otsailean jarri zen martxan eta dagoeneko 180 galderatik gora jaso eta erantzun dira. Aste honetan atal berri bi jarri dira martxan:

  • Ikasle ohien aholkuak: Unibertsitatean sartzeko dauden ikasleen eta ikasle ohien arteko komunikazio zuzena ahalbidetuko duten foroek osatzen dute atal hau. Foroak titulazio-familia desberdinetako ikasketen gainekoak izango dira eta ikasketak aukeratzen ari diren ikasleek beraietan galdetzeko aukera izango dute: unibertsitate bizitzaren egunerokotasunaz, ikasketen edukiaz....
  • Esteka interesgarrien atala: Interneten informazio asko dago baina beti ez da erraza izaten behar duguna aurkitzea. Hori dela eta, orientazioaren alorrarekin zerikusia duten estekak sailkatuta eta bilduta eskainiko ditu atal honek.
Egin zuen galderak ikasle ohiei:

Ikasle ohien foroak martxoaren 23tik apirilaren 3ra zabalik egongo dira (astelehenetik ostiralera). Tarte horretan nahi duzuenean parte hartu dezakezue eta 24 ordutan ikasle ohien erantzunak jasoko dituzue.

Besteak beste martxan jarriko diren ikasketen foroak zeintzuk diren jakin nahi baduzue, Unibertsitatea.net atariko Iparrorratza atala bisitatu ezazue. Sartu Iparrorratzean, egin klik ikasle ohien aholkuetan eta bidali zuen galderak.

Animo, klik egin eta kuxkuxean ibili eta ez ahaztu ikasturte osoan etengabe eta NUPeko bisitaldian gogorarazten zaizuena: Unibertsitatera joan ahal izateko, 2. Batxilergoa gainditu behar duzue, ekainean hobe, irailean baino.


Aucun commentaire: